Juncal Eizaguire Olentzero eta Erregeekin dabil hizketan aurtengo Gabonetarako. / Irungo Udala

Urtero bezala, Eguberrietako kanpaina antolatzen ari da Irungo Udala, eta, ostiral honetan, Kulturako eta Hiri Bultzadako ordezkari Juncal Eizaguirrek prestakizunen berri eman du. 2020an, “Zure Eguberriak Irunen daude” izango da leloa, eta, COVID-19aren pandemia dela-eta, ekitaldirik ohikoenetako batzuk ezingo dira egin; beste batzuk, berriz, egungo egoerara egokituko dira, osasun agintariek unean-unean ezartzen dituzten neurri eta murrizketak hartuta betiere.

“Badakigu aurtengo Eguberriak ez direla izango nolanahikoak. Jai hauetan klasikoak diren ekitaldi batzuk ezingo dira orain arte bezala egin, baina egitaraua segurtasun neurriak ahal bezainbat bermatzeko moduan egokitzeko lanean ari gara, pandemiak gogorkien jotako gure jarduera sektoreak kontuan izanik betiere, haiek izango baitira Eguberrietako kanpainaren protagonista”, adierazi du Juncal Eizaguirrek.

Lehenik eta behin, ordezkariak kultur agendaren barruko berritasunak nabarmendu ditu. Eguberri hauetan egingo ez diren jardueren artean, Urdanibia plazako San Tomas azoka eta ohiko programazio osoa aipatu ditu (txosnak, musika emanaldiak, etab.), baita abenduaren 24an San Juan plazan egin ohi den gabon kanten jaialdia ere.

Olentzero eta Erregeak

Erregeen Desfilea eta Olentzeroren Etorrera ezingo dira orain arte bezala egin, eta, horregatik, Kultura Arloak ordezko ekitaldi estatikoak antolatzeko aukera landu du joan diren asteetan, segurtasun neurriak betetzea bermatzeko (edukiera kontrolatzeko eta, horrela, distantzia fisikoa mantendu eta jende pilaketarik ez sortzeko).

“Helburua da hiriko txikienak ez daitezen gelditu Olentzero eta Errege Magoak ikusi gabe, eta, horretarako, ahal dugun guztia egingo dugu, urtero bezala Irunen egon daitezen. Beharrezkoa bada, hirira lehenago etortzeko ere eskatuko diegu, denbora gehiago izan dezagun elkar ikusteko”, azaldu du Juncal Eizaguirrek.

Horrela, Kulturaren asmoa da ekitaldi estatiko bana antolatzea. Haurrek eta beren familiek gonbidapenak lortu beharko lituzkete, aurrez, eta, horrela, edukiera kontrolatuko litzateke eta ez litzateke sortuko jende pilaketarik. Olentzerori dagokionez, Betti Gotti elkartearen eskutik, Amaia KZ apainduko litzateke, Olentzerori berari eta Mari Domingiri harrera egiteko. Haurrak eta beren familiak ikuskizun batera joango balira bezala sartuko lirateke auditoriumera, egun batean baino gehiagotan, hainbat emanalditan, ahalik eta irundar gehienek ikusi ahal izateko Olentzero eta Mari Domingi.

Erregeei dagokienez, berriz, Udala Ficoba erakustazokarekin elkarlanean ari da, 3. pabiloiaren neurriak aprobetxatuz Meltxor, Gaspar eta Baltasarren karrozak eta urtero desfilean parte hartzen duten Disney pertsonaiena bertan sartzeko. Ekitaldiak “azoka formatua” izango luke: zenbait egunetan, ordutegi bat finkatu, eta familiek Errege Magoak agurtzera sartu ahalko lukete; horretarako, aurrez, gonbidapena eskuratu beharko lukete. Gainera, tokia apaindu egingo litzateke, Erregeak ezagutzeko giro berezia sortzeko, eta behar bezalako segurtasun neurriak hartuko lirateke. Kultura Arloak jakinarazi duenez, “bere neurriak kontuan izanik haur asko hartu eta, aldi berean, segurtasun neurriak bete ditzakeelako” pentsatu dute Ficoban.

Eskutitzak biltzeko ohiko ekitaldia ere egokitzea pentsatu du Udalak. Horrela, abenduaren 18an, postontzi apainduak jarriko dira hirian barrena, haurrek Olentzerorentzako eta Errege Magoentzako eskutitzak botatzeko: Olentzerorentzat direnak hilaren 24ra bitartean bota ahalko dira, eta Errege Magoentzat direnak, hilaren 28tik urtarrilaren 5era bitartean. Zehazki, Zabaltza plazako Eguberrietako azokan, Skola Musik-en lokalean eta Amaia KZko erakustaretoan paratuko dira postontziak, eta bi figurante izango dira postu bakoitzean, berau dinamizatzeko eta txikienekin interakzioan aritzeko.

Ildo horretatik, Juncal Eizaguirrek beste berritasun bat iragarri du: “Bideokonferentziak puri-purian dauden honetan, teknologia berriak baliatuko ditugu, nahi duten haurrek lantzen ari garen aplikazio baten bidez etxetik bidali ahal izan ditzaten beren eskutitzak; aplikazio hori lehenbailehen izatea espero dugu”. Horrela, gailu mugikorren bitartez, Erregeekin eta Olentzerorekin interakzioan aritu ahalko dute haurrek, eta beren eskariak helarazi.

Kulturako ordezkariak eskerrak eman dizkio Betti Gotti elkarteari, Olentzerori dagokionez, eta Erregeen ekitaldian nola edo hala lagunduko duten entitate guztiei: “Haien inplikazioa eta dedikazioa funtsezkoak dira urtero, are gehiago aurten, dena ondo ateratzeko”, adierazi du Juncal Eizaguirrek. Honako hauek dira parte hartuko duten entitateak: Irun Hiria Musika Banda, Irungo Atsegiña, Santiagoko Deabruak, aisialdiko taldeen koordinakundea, Analia Bellydance Ekialdeko Dantzako Akademia, 22 Academy, Batukada Skola Musik, Ondare Kultur Elkartea, San Vicente de Paúl Majoretteak, Auntxa Trikitixa eta BAF 7301 Trenaren Lagunak.

Xehetasunak zehaztu, eta laster jakinaraziko da online gutuna bidaltzeko aplikazioari, Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoak ikusteko eta agurtzeko egunei eta gonbidapenak eskuratzeko prozedurari buruzko informazio guztia, ohiko bideetatik. Era berean, udal webgunean argitaratuko da, urtero bezala Eguberrietako programazioari buruzko atal berezi bat sortuko baita haren barnean. Azkenik, baieztatu dutenez, hilabete hauetan ohikoak diren murrizketekin betiere, batetik, Gipuzkoako Belenzaleen Elkarteak jaiotza eta olentzeroen erakusketa jarriko du, Amaia KZn, abenduaren 18tik urtarrilaren 4ra bitartean, eta, bestetik, BAF 7301 elkartearen eskutik, tren maketen erakusketa bat jarriko da, Palmera-Montero Gunean, abenduaren 21etik urtarrilaren 4ra bitartean, egun eta ordu hauetan: astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:00etara, eta larunbat eta igandeetan, 11:30etik 13:30era.

Arreta bertan jartzeko kanpaina

Ordezkariak kanpainako kartela ere aurkeztu du, “Zure Eguberriak Irunen daude” lelokoa. Izan ere, pandemiak bertako jarduera sektoreetan (hala nola merkataritzan eta ostalaritzan) izan dituen ondorioak direla-eta, arduraz jokatzeko eta erosterakoan bertakoaren alde egiteko mezua helarazi nahi zaie herritarrei.

Alde horretatik, Irun Aurrera planaren barruko kontsumo bonuak ekarri ditu gogora Juncal Eizaguirrek, baita haiek iragartzeko Radio Irunekiko azkenaldiko elkarlana ere. Gainera, Eguberrietako 2020ko azokak bertako merkataritzan jarriko du arreta: aurten, abenduaren 18tik 27ra bitartean jarriko da, eta dozena bat establezimenduk parte hartuko dute. Udalak hirugarren urtez jarraian egin du ekimen horren alde, baina, aurten, handiagoa planteatu du, etxola gehiagokoa eta Zabaltza plazan egitekoa, pandemiaren ondorioei aurre egiteko ezarritako segurtasun neurri guztiak errazago hartu ahal izateko.

Zurezko hamabi etxola jarriko dira; bizpahiru, ostalaritzakoak. Segurtasun neurriak direla-eta, hesitu egingo da azokaren eremua, edukiera kontrolatzeko, eta, bertako artisten eta argi berezien laguntzaz, dekoratu ere egingo da. “Ez da izango betiko dekorazioa. Azoka made in Irun izatea nahi dugu”, nabarmendu du Eizaguirrek. “horregatik, bertako saltokiek ez ezik, irundar artistek parte hartzea nahi dugu, eta Zabaltza plaza arte areto inprobisatu bat bihurtzea, azokan barrena sakabana daitezkeen proposamen artistikoak egiten dituena eta inguru osoa girotzen duena. 0 km-aren aldeko apustuaren bidez, gertuko saltokiak eta kultura babestea da gure helburua, egungo egoeran okerren dauden sektoreetako bi baitira”.