Ekimen ugari ospatuko dira hurrengo egunetan. / Hondarribiko Udala

Datorren ostegunean, martxoak 8, Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatuko da. Horren harira, Emeki Elkarteak eta Hondarribiko Udalak Emakumearen Astea antolatu dute. Emakume artisten erakusketak, film proiekzioa, hitzaldia eta omenaldi bat ere aurreikusten da programazioan.

Aurkezpen ekitaldian Emeki Elkartetik Kontxi Galardi presidentea, María Serrano Hiritarren Harremanetarako zinegotzia, María José Noain eta elkarteko zenbait sortzaile izan dira, María Jesús Berrotaran, Ane Miren Aristondo eta Tzane Carrillo hain zuzen ere.

Kontxi Galardik esan duenez Emakumearen Aste hau “guretzat oso garrantzitsua da. Hainbat ekitaldi antolatzen ditugu, emakume eta gizonezkoei zuzenduak. Gainera, aurten martxoaren 8an emakumeen mundu mailako greba deitua dago, eta Emekik bat egiten du greba horrekin”.

Serranok eskerrak eman dizkio, “Emeki Elkarteari aste honetan eta urte osoan egiten duen lanagatik, emakumeon papera balioan jartzeagatik. Udaletik elkarrekin lan egiten dugu eta hala jarraituko dugu”.

Martxoaren 6tik 11ra, Arma Plazako eraikineko bigarren solairuan, “Emakume artistak” erakusketa egongo da. Asteartetik larunbatera 10:00etatik 18:00etara irekiko da eta igandean, 10:00etatik 14:00etara.

Martxoaren 7an, “Mujeres y ciencia: un viaje a través de la historia” hitzaldia eskainiko du María José Noain arkeologoak gazteleraz. 19:00etan izango da Alde Zaharreko Kultur Etxean. Bertan, historian zehar zientzia mailan hainbat emakumek egindako lana aztertuko du, nahiz eta ezezagunak izan eta historiara gizonezko zientzialariak pasa diren.

Martxoaren 8tik 11ra, 16:00etatik 18:00etara, Emekiko ikasleen lanen erakusketa egingo da elkarteak Molla Ibilbidean duen egoitzan. Trikotak, eskulanak, jantzigintza, bitxiteria… ikusteko aukera egongo da.

Martxoaren 10ean, 19:00etan, “Figuras ocultas” filmea eskainiko da Itsas Etxean gazteleraz; sarrerak 4 eurotan saltzen dira.

Azkenik, igandean, 12:00etan, 1991ko Emeki Elkartearen batzorde sortzaileari omenaldia egingo zaio elkarteak Molla Ibilbidean duen egoitzean. Txalapartariak, trikitilariak, dantzariak… ez dira faltako. Taldea Leticia Olanok, Tzane Carrillok, María Jesús Berrotaranek, Ane Miren Aristondok, Maite Martínek eta Maite Olaondok osatu zuten.