Iñude eta Artzaien kopartsak otsailaren 16an, Inauterien aurreko igandean, Irungo kaleak zeharkatuko ditu. / Eraiki Dantza Taldea

Eraiki Dantza Taldeak Iñude eta Artzaien konpartsa prestatzeko bi entsaio antolatu ditu. Lehenengo entsegua otsailaren 8an egingo da, arratsaldeko 16:00etan. Bigarrena, berriz, otsailaren 15eko eguerdiko 12:00etan, hau da, Iñude eta Artzaien egunaren bezperan. Bi entseguak Behobia auzoko eskola zaharraren alboko plazatxoan egingo dira. Egun horietan eguraldi txarra izatekotan, entseguak Gaztelu Zahar eskolako gimnasioan egingo lirateke.

Entsaioak Eraiki Dantza Taldeak Irunen antolatzen duen Iñude eta Artzaien konpartsan dantzari bezala ateratzen diren bikote guztiei zuzendurik daude. Izan ere, entsaio horietan Zabaltza plazan egiten den errepresentazioaren barneko dantzak antolatu eta prestatuko dira. Urtero moduan, Eraiki Dantza Taldetik konpartsan dantzari gisa parte hartu nahiko luketen pertsona guztientzako deialdia zabaltzen dute. Dantzari bezala atera nahiko luketen pertsonek 688 68 50 63 telefono zenbakiaren bitartez antolatzaileekin harremanetan jartzeko aukera dute.

Iñude eta Artzaiak otsailaren 16an

Iñude eta Artzaien kopartsak otsailaren 16an, Inauterien aurreko igandean, Irungo kaleak zeharkatuko ditu. Konpartsak ohiko ibilbidea jarraituko du. Hala ere, desfilearen irteera ordu laurden bat atzeratuko da aurten, egun berean Irunen egingo diren maratoi erdi eta 10 kilometrotako lasterketarekin elkartzea saihesteko. Hortaz, Iñude eta Artzaien konpartsan parte hartuko duten dantzari zein pertsonaiak otsailaren 16ko 11:45etan elkartuko dira Santiago kale amaierako plazatxoan, 12:15etan abiatzeko.

Konpartsaren ibilbidea amaitu ostean, parte hartzaileek Azken Portu kiroldegiko jatetxean egingo den bazkarian parte hartzera gonbidaturik daude. Bazkariak 25 eurotako prezioa izango du helduentzat eta haurrentzako menuak, aldiz, 10 eurotako prezioa izango du. Bazkarian izena eman eta ordaintzeko azken eguna otsailaren 8a izango da . Aurretik zehaztutako telefono zenbakira deituz egin ahalko da izen-ematea.