Miren Guezuraga eta Xabier Iridoy. / Irungo EAJ

Astearte honetan, Irungo EAJ pozik azaldu da, Aintzane Oiarbidek, Bide Azpiegituretako diputatuak, egindako agerraldiaren ostean. “Jakitera eman zuenez, lotune erdiko lanek aurreikusitako erritmoa jarraitzen dute eta 2020aren hasieran bukatuta egon litezke”, esan du Xabier Iridoyk Irungo EAJko bozeramaileak. Hala ere, kezkatuta daude lotune erdiaren eta Hegoaldeko Ingurabidearen artean dagoen urte beteko desfasea dela eta.

Hegoaldeko ingurabidearen, edo ezagunagoa den bezala Ronda Sur delakoaren eraikuntzaren atzerapenak udal gobernuak momentura arte mantendu duen kudeaketa txarraren ondorioa da. “Duela urtebete baino gehiago, 2018ko ekainean, Irungo udal gobernuak Hegoaldeko Ingurabidearen lehen fasearen proiektua oso aurreratuta zutela iragarri zuen, eta aldi berean Gipuzkoako Foru Aldundiak lotune erdiaren lizitazioaren berri eman zuen. Hilabete batzuk geroago, 2018ko azaroan, Imanol Lasa Foru Aldundiko bozeramailea zenak jakinarazi zuen Irungo Udalak 6 milioi euroko diru-laguntza jada bere esku zuela, hala lehen faseko lanei hasiera emateko bidea ahalbidetuz. Proiektua ordea ez da onartzen 2019ko ekainera arte. Ulertezina da, proiektua onartu baino urtebete lehenago, proiektua oso aurreratuta zegoela esan izana”, aipatu du Iridoyk.

“Zer gertatu da? Nola da posible, proiektu aurreratu bat eta garapenerako egokia den finantzaketa izanda, ez hobeto kudeatu izana bi proiektuen gauzatzea? Udal-gobernuak ez dio lehentasunik eman Irungo trafikoa bezalako gai bati? Dena behar bezala koordinatuta egon balitz, gobernu sozialistaren helburua irundarren ongizatea izan balitz, interes alderdikoiak alde batera utziaz, eta Hego Ingurabidearen lehen fasearen eraikuntza, lotune erdiaren eraikuntzarekin batera gauzatu balitz, gure hiriak bizi dituen arazo garrantzitsuenetako bat arintzen lagunduko zuen. Zoritxarrez, hamabi hilabeteko desfasea dago bi proiektuen artean, eta herritarrek beste urte batez itxaron beharko dute hiriko sarbideen trafikoan hobekuntzak ikusteko”, nabarmendu du Iridoyk. “Hau da, Irunen egingo den AP-8 autobideko lotune erdiak ez du Irungo trafikoaren arazoa arinduko, guztia Hego Ingurabidearen atzerapenagatik. Arduragabekeria galanta da”.

Ildo horretan, Iridoyren esanetan, udal gobernuak eman beharreko pausoak, Aldundiarenekin bat eman beharko lirateke, “Irungo hirigunearen zati bat inguratu eta trafikoa hiri-bilbearekin banatzea ahalbidetuko duen proiektua. Irungo EAJtik beti apustu egin dugu ezberdinen arteko elkarlana sustatzearen alde. Gure ustez, administrazio guztiek, Udala barne, pertsonen ongizatearen onura jasotzen duten proiektu handien alde lan egin behar dute, eta Irunen hau ikusten ez dugunez, kezkatuta gaude”.

EAJko bozeramailearen hitzetan, “Irungo interesak defendatu nahi baditugu hau ez da bide egokia, erakundeen arteko elkarlana bultzatu behar dugu, baina horretarako borondatea behar da, eta orain arte behintzat udal gobernuak ez du izan”.