Maria Serrano, Sustapen Ekonomikorako zinegotzia. / Hondarribiko Udala

Hondarribiko Udalak etxebizitza hutsen alokairurako dirulaguntzen deialdia egin du. Hala eman du aditzera Maria Serranok, Sustapen Ekonomikorako zinegotziak.

“Jakitun gara Hondarribian, beste hiri askotan gertatzen den moduan, alokairuko etxebizitzen merkatua oso zaila dagoela. Horregatik, dirulaguntza batzuk deitu ditugu, pizgarri moduan funtziona dezaten”.

“Laguntza hau jaso ahal izango dute Hondarribian etxebizitza hutsen titular izan eta Bizigune programan izena emana dutenek, eta Alokabiderekin programa horrek aurreikusten duen kontratua sinatua dutenek”, dio Serranok.

“Deialdiak bi laguntza mota aurreikusten ditu, eta biak batera ere jaso daitezke”, esan du Maria Serrano zinegotziak. “Bat, ordainketa bakarrean, eskatzailearen eta Alokabide sozietate publikoaren arteko kontratua indarrean dagoen hilabete bakoitzeko, 2019. urteari dagokionez. Hilabeteko periodikotasuna duten laguntza hauek hilabeteko 200 euroko zenbatekoa izango dute”.

“Bigarrena ordainketa bakarrekoa izango da, hain zuzen ere Alokabidek etxe bizitzaren titularrari etxe bizitza egokitzeko eskatutako lanei dagokiena, 2019. Urtean egindakoak. Etxebizitzak egokitzeko ekintzetarako ordainketa bakarreko laguntzak egindako gastuaren % 50ekoak izango dira, 2.000 euroko gehienezko mugarekin”, gehitu du Serranok.

Bizigune programan izena emateko deialdia

“Hondarribian etxebizitza bat hutsik dutenei dei egin nahi nieke Bizigune programan sar daitezen, eta denon artean alokairu merkatu eskuragarriagoa eman diezaiegun behar duten hondarribiarrei”, azpimarratu du Serrano zinegotziak.

Dirulaguntza lerroak 44.000 eta 16.000 eurokoak dira, eta eskaerak egiteko epea azaroaren 21ean itxiko da. Udal web orrian eta BAZen egin daiteke. Gogoratu behar da BAZen aurretik hitzordua eskatu behar dela.