Euskara arloko ordezkaria den Monica Martinez. / Irungo Udala

Bi aste besterik ez dira falta II. Euskaraldiarekin Euskal Herri osoan zehar hizkuntza-ohiturei bigarren astindua emateko eta dagoeneko 1.000 irundarrek baino gehiagok eman dute izena Ahobizi eta Belarriprest moduan parte hartzeko. Haiei ariketan murgiltzen hasteko aukera eskaini nahi die Irungo Euskaraldia Batzordeak. Horretarako, bi ekimen antolatu ditu: txapen banaketa eta formazio-saioak.

Txapen banaketa gaurtik Udal Euskaltegian

Aurreko edizioan bezala, ariketa soziala Ahobizi eta Belarriprest txapen bidez egingo da. Aurreko edizioko txapa berberak izango dira, beraz, txapa duenak berrerabil dezan deia egin du Irungo Euskaraldiaren lantaldeak, ingurugiroa babesteko eta egungo egoeran jende pilaketak saihesteko. Dena den, behar dutenei horiek eskuratzeko aukera eskaini dio Irungo Euskaraldia Batzordeak gaurtik aurrera. Azaroak 9, 11 (bakarrik goizez), 13, 17 eta 19an, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 20:00etara Udal Euskaltegian (Urdanibia plaza, 5) txapa jasotzeko aukera egongo da.

Formazio-saioak larunbatean egingo dira Palmera Montero Gunean

Txapak ez ezik, ariketa egiten errazteko formazio-saioak ere eskaini ditu Irungo Euskaraldia Batzordeak. Larunbatean egingo dira Ahobizi eta Belarriprest saio bana; goizeko 11:00etan eta eguerdiko 12:00etan izango dira, hurrenez hurren, Palmera Montero Gunearen 5. Aretoan. Joan nahi duenak aurrez izena eman beharko du: irun@euskaraldia.eus helbidera idatziz.

Irungo antolakuntzaren jarraipena asteazkenean, Euskaraldia Batzordean

Euskaraldia Batzordean Irungo lantaldea egiten ari den lanaren jarraipena egiteko aukera izango dute irundarrek. Asteazkenean izango da hirugarren bilera irekia, arratsaldeko 18:00etan hasita, Palmera Montero Gunearen 5. Aretoan. Presentzialki joan nahi duenak aurrez izena eman beharko du: irun@euskaraldia.eus. Gainera, telematikoki jarraitzeko aukera ere izango da (https://meet.jit.si/IrungoEuskaraldia).