Iazko udan ekitaldia bertan behera utzi ondoren, jaialdiaren antolatzaileek lan egin dute aurten ekitaldia modu seguruan egin dadin, betiere osasun arloko jarraibideak eta neurriak errespetatuz.

Hondarribia, Irun eta Hendaiako udalek, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bidez, Bidasoa Folk-en XX. edizioa antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan. Iazko udan ekitaldia bertan behera utzi ondoren, jaialdiaren antolatzaileek lan egin dute aurten ekitaldia modu seguruan egin dadin, betiere osasun arloko jarraibideak eta neurriak errespetatuz.

Horrela, abuztuaren 20an, 21ean eta 22an, Hondarribian, Irunen eta Hendaian, hurrenez hurren, sei kontzertu egingo dira Folk eta musika garaikidearen munduan erreferentzia diren taldeekin, Murtzia, Gaztela-Leon, Bartzelona, Andaluzia, Okzitania, Portugal eta, nola ez, Euskal Herritik etorriak.

Segurtasun neurriak eta sarrerak

Kontzertu guztiak segurtasun neurriak errespetatuz eginen dira beti. Hala, Hondarribian gehieneko edukiera 200 pertsonakoa izango da, Irunen 300ekoa eta Hendaian 400ekoa.

Sarrerak kontzertu bakoitza hasi baino ordu erdi lehenago hartu ahalko dira espazio bakoitzaren sarreran. Tiket zenbakituak emango dira eta jendea banan banan eseriko da segurtasun tarteak mantentzeko.

Abuztuak 20 Hondarribian:

– Euskal Barrokensemble

Jaialdia Euskal Barrokensemblek irekiko du abuztuaren 20an, Hondarribiko Kasino Zaharreko lorategian, 19:00etan.

Enrike Solinisek 2006an Bilbon sortutako musika taldea da. Bere lehen bi diskekin antzoki eta jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu du: Viena Konzerthaus, Stockholm Early Music Festival, Spring Festival Prague, Bilboko Musika-Mísica, Quincena Musical de San Sebastian, Madrilgo Auditorio Nazionala, Brujas Konzertgebouw, Montreal Baroque edo Sevillako Antzinako Musikaren Jaialdia.

Taldearen ezaugarri nagusiak interpretazioaren freskotasuna eta hurbiltasuna dira. Oso garai desberdinetako musika inprobisatzeko eta birsortzeko ahalmena du, ikuspuntu pertsonal argi batetik.

– La Musgaña & Vanesa Muela

Euskal Barrokensembleren kontzertuaren ondoren, 20:00etan, La Musgaña & Vanesa Muela taldeak eszenatoki berean joko du. ‘Raitán’ izeneko disko berria aurkeztuko du, anbizio handiko proiektu berritua.

Carlos Beceirok eta Jaime Muñozek duela 32 urte hasi zuten musika-proiektua da hau, eta, azken urte eta erdian, zuzeneko proiektu berri bat sortu dute, Luis Antonio Pedraza Zamorako musikari ezagunenetako bat taldean sartzeko egin duten apustua dela eta.

Abuztuak 21 Irunen:

– Juan José Robles

Irungo Juncal plazan egingo da Bidasoa Folken bigarren jardunaldia. 20:00etan hasiko da Juan José Roblesen kontzertuarekin.

Malvariche eta Mujeres-en taldearen sortzaileetako bat da, eta, bere ibilbidean zehar, beste talde batzuetan parte hartu du. Paco Muñozen agur-biran (2017-2018) eta SIMFÒNIC Pep Botifarra & Pau Chaferren (2018) parte hartu du, baita 30 disko baino gehiagotan ere.

Mandolina, lautea, bandurria edo gitarroa dira izen propioa duen proiektu bat sort duen musikari murtziar honen nortasun-ezaugarrietako batzuk.

– Alba Carmona

21:00etan Alba Carmonak abestuko du. Musika herrikoiaren eta musika modernoaren artean urteetan zehar mugitu den sustraiko musikaren aztertzailea da. Perico Sambeat, Carlos Saura, Chano Dominguez, Las Migas edo Mauricio Sotelo bezalako artistekin aritu da.

Musikan 18 urtean zehar izandako esperientziek, denboraren joanak eta ama izan berriaren emozioek eragin dute lehen aldiz bere ahotsarekin adierazteko beharra eta ia erabat berak konposatutako lehen diskoa osatzen duten bederatzi abestiri forma ematea.

Abuztuaren 22an Hendaian:

– Lambrusquera

21:00etan, Gaztelu Zahar frontoian, egun horretako lehen kontzertua emango du Lambrusquerak, Pirinioetako eta Okzitaniako kanta tradizionalen talde polifonikoak.

– Cocanha

Jaialdia 22:00etan itxiko du Cocanha taldeak. Toulouseko hiru emakumek osatzen dute, eta okzitanieraz baliatzen dira musika pirenaikoa eta gaskona jotzeko. Soka-danborrekin eta gorputz-perkusioekin soinu naturala lortzen dute.