David Izaga eta Josune Gómez. / Irungo Udala

Josune Gómezek, Euskara arloko ordezkariak, Hizkuntz Normalizazioko arduraduna den David Izagarekin batera, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatu diren ekimenen berri eman du.

Azken urteetan bezala Euskara arloak hainbat ekimen antolatu ditu Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Irungo Udaleko Euskara ordezkaria den Josune Gómezek “euskarak urtero 365 egunetan behar gaitu, egun horietan guztietan erabili beharra dago. Hala ere, badugu urte osorako indarrak hartzeko egun berezi bat, abenduaren 3a hain zuzen. Egun berezi hau irribarrez eta modu hezitzailean ospatzeko tailer, ikuskizun zein musikaz alaituriko ekintza ezberdinak antolatu ditu udalak”, esan du. “Mingaina astindu eta euskara dantzan jartzea da ekimen hauen guztien helburua, euskara balio positiboekin eta modernitatearekin lotuz”.

Ekintzak, azaroaren 29an hasi eta abenduaren 3ra arte luzatuko dira. Eta ekintzei hasiera emateko, lehen egun horretan eta abenduaren 1ean Mintzodromo gazteak antolatu dira 10:30etatik 12:00etara Mendibil Merkataritza Guneko kafetegian. Mintzodromo hauetan Toki Alai, San Vicente de Paúl, Eguzkitza eta Hirubideko DBH 4. mailako ikasleak izango dira protagonistak. Ekitaldi honetan gazteek euskara mintzatzen jostatzeko aukera izango dute.

Halaber, abenduak 1ean, goizeko 10:00etatik 12:30ak bitarte, helduek ere izango dute Mintzodromoan parte hartzeko aukera, Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak eta Euskal Herriko Elkargoak (Hego Lapurdiko eremua) osatzen duten Sareuska sareak Lesakako Harriondoa Kultur Etxean antolatu duen Mintzodromoaren 4. edizioan.

Lurralde eremu hauetan dauden euskaldunak eta euskara ikasten ari direnak elkarrekin tokian tokiko zein egunerokotasuneko gaien inguruan mintzatuko dira mahai baten bueltan lauko taldeetan eta giro xamur eta lagunartekoan. Hiru gai ezberdin proposatuko dira 15 minutuz mintzagai gisa eta hizketalditxo hauetariko bakoitza, lagun talde ezberdinarekin egingo dute. Ekimenaren dinamizazioaz Joseba Olagarai ETBko kazetaria arduratuko da eta euskal kulturako pertsonaia ezagunek ere parte hartuko dute ekimenean: Joseba Irazoki musikaria, Mikel Taberna idazlea, eta Julen Zelaieta eta Eneko Fernandez bertsolariak besteak beste. Hori bai, parte hartu nahi duenak aurretiaz izen eman beharko du www.irun.org/euskara web orrialdean. Izen ematea azaroak 28ra arte egin ahal izango du interesatu orok. Gainera, arloak Lesakan egingo den Mintzodromora joateko eta bueltatzeko doako autobusa jarriko du (joateko autobusa 9:00etan aterako da Jenaro Etxeandia plazatik Nafarroako hiribideko noranzkoan eta bueltakoa 12:30an aterako da Lesakatik).

Larunbata goizean, berriz, abenduaren 2an, 11:00etatik aurrera San Juan plazan haurrei begirako tailerrak antolatu ditu Irungo udalak Arrasateko Txatxilipurdi elkartearen laguntzarekin. Egun horretan, goizez, haurrek disfrutatzeko aukera paregabea izango dute, are gehiago 12:00etatik aurrera disko festa antolatu da, euskaraz dantza egin eta kantatzeko.

20:00etan bestalde, Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendari euskaldunen Handia filma proiektatuko da Amaia KZko areto nagusian. Aurten ospatu den Donostiako Zinemaldian Irizar Saria eta Epaimahaiaren Saria jaso dituen pelikula arrakastatsua dohainik ekarri du Euskara arloak Irunera. Pelikulan ez da Altzoko handiaren bizitza soilik kontatzen, baizik eta haratago doan filma da, Altzoko handiaren eta bere anaiaren arteko harremanari buruzko pelikula da zehazki. Bertan kontatzen zaigu nola lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martín Gipuzkoako bere etxera itzuliko den, eta han, harrituta, bere anaia Joakin ohi baino askoz ere handiagoa dela aurkituko du. Mundu osoak lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, bi anaiek bidaia luze bati ekingo diote, Europan zehar baina bidean, anbizioak, diruak eta ospeak betirako aldatuko dute familiaren patua.

Handia filma ikusteko sarrerak doan dira, hortaz gonbidapenak Irungo turismo bulegoan jaso ahal izango dira, datorren azaroak 23tik abenduaren 1era arte, pertsonako 4 gehienez.

Abenduaren 3an, bestalde, Irungo udaletxeko balkoia Euskararen Nazioarteko Egunerako apainduko da eta txistularien diana egongo da egunari diosala egiteko.