Elbusto, Eizaguirre eta Corman. / Irungo Udala

Abenduaren 18tik aurrera, Menchu Gal Erakusketa Aretoan, Jesus Maria Cormanen ‘Salvajeza’ erakusketa ikusi ahalko da, Helena Elbustok komisariatua. Margolan horiek formatu handiko oihalen gainean eginak dira, naturak egoera garbian duen berezko hizkuntzara, bere barne-hizkuntzara, basatiaren edertasunera hurbiltzen gaituztenak dira. Azken bi ideia horiek -edertasuna eta basatia- bat eginda sortu zen erakusketaren izenburua.

Juncal Eizaguirre Kulturako ordezkariak, komisarioak eta egileak berak lagunduta, ostegunean bisitatu du aretoa ireki aurreko azken prestaketak. Datorren ostiralean irekiko da erakusketa. “Kultura ekintza ez da gelditu Irunen, eta, dagozkion segurtasunneurriekin, Menchu Gal Aretoak urratsak ematen jarraitzen du gure inguruko artista ezagunen lana herritarrei hurbiltzeko lanean. Kasu honetan, arte garaikidearen adibide garbi baten aurrean gaude; izan ere, areto honek nekez ahaztuko 2020. urte honetan argia ikusi duten sorkuntzei ateak irekitzen dizkie,”

Euskarri gogorrik gabe aurkeztutako hamar bat oihalek eta paper gaineko 16 margolan txikik osatzen dute erakusketa. Obra guztiak 2020. urte honetan margotu dira. Abstrakziorik aratzenaren eta diskretuenaren artean oinarritzen diren irudiak, berezkoa pinturaren berezko portaera bezala ulertuz, bai eta horren bidez naturaren beraren portaeraz egiten dugun errepresentazioa ere. “Salvajezaren” paleta Cormanen azken lanetan baino are gehiago murrizten da, hizkuntza ia monokromo batera eramanez, multzoak planteatzen duen itxura inguratzailea nabarmentzeko.

Erakusketa-guneak berak eskatzen duenez, Jesús María Cormánek proiektu honetarako margotu zituen lan guztiak ez dira aurkezten, baina erakusketaren harira argitaratutako katalogoan jasota daude. Katalogoak “Salvajeza” izenari erantzuten dion beste lan bat ere jasotzen du, Cormanek berak beste lan bat bezala idatzi zuen hamahiru piezako poema-liburua, kasu honetan hitzetik abiatuta, eta ez plastikatik.

Jesus Maria Corman (Pasaia, 1966) margolari, poeta, narratzaile eta letragile musikala da. Arte Ederrak ikasi zituen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta hainbat aintzatespen jaso ditu arte plastikoetan, poesian eta narratiban. Bere obra poetikoa hamar liburutan biltzen da, besteak beste, hauek azpimarra daitezke: Unidad del dolor, El Caníbal, Hotel Danilovsky, La Leña helada eta Hay una sombra que nunca se apaga. Hainbat artistarentzat idatzi ditu letrak, baina bere ekarpen nagusia Duncan Dhu taldeko Mikel Erentxun musikariarekin batera egin duena izan da.

Bere margolan lana bilduma garrantzitsuetako bat da, eta hirurogei erakusketa baino gehiagotan erakutsi da jendaurrean, eta beste hainbeste erakusketa kolektiboetan ere bai, Espainiako eta Europako hainbat hiritan. Era berean, ARCO, Art Madrid, Art Cologne, Expo Chicago eta Affordable Art Fair arte garaikideko azoketan izan da.

Erakusketa abenduaren 18an irekiko da eta 2021eko otsailaren 21era arte bisitatu ahal izango da Menchu Gal aretoko ohiko ordutegian: ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara, eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era.

Gabonetako jaiak direla eta, aretoa itxita egongo da abenduaren 24an, 25ean eta 31n eta urtarrilaren 1ean, eta abenduaren 22, 23, 29 eta 30ean (asteartea eta asteazkena) irekiko dugu. Ohiko ordutegia urtarrilaren 8tik aurrera (ostirala) hasiko da berriz.

Aretoaren edukiera murriztua da distantziak errespetatzeko, maskara derrigorrezkoa da eta gel hidroalkoholikoa dago bisitarientzat, besteak beste.

Menchu Gal aretoko erakusketak “leiho” bat izango du CBAn. Egun horietan, artista beraren beste lan batzuk erakutsiko dira. “Melancholia” erakusketa da, 60 x 50 cm-ko 36 argazki biltzen dituena. Jesus Maria Cormanek pinturaren bidez esku hartzen duen viktoriar garaiko argazkiak dira.