Ugartemendia eta Iridoy. / Irungo EAJ

Memoria historikoa egiteke dagoen lana izan da eta izaten jarraitzen du Irunen. Azken urteotan, Udalak hainbat partida onartu ditu hiriko memoria-elkarteek egiten duten lana babesteko. Oposizioko taldeek proposatuta, handituak izan diren diru sailak. Hala ere, “EAJtik uste dugu, garaia dela 1936ko uztailaren 18ko altxamendu faxistaren ondoren Irunen izandako gertaeretan oinarritutako memoria historikoko programa bat modu erabakigarrian bultzatzeko”.

“Oroitzea eskubidea da, eta oroimena berreskuratzea demokrazian sakontzea. Aspalditik irekita dauden zauriak ixteko modu bat da, eta iraganaz beldurrik gabe hitz egiteak orainaldian ezagutu ahal izatea dakar, antzinako traumak berpiztu gabe”.

Erakunde guztiak bat datoz egiaren, justiziaren eta erreparazioaren bidea aztertzeko beharrarekin. Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Espainiako Gobernuak berak urrats sendoak eman dituzte memoria berreskuratzeko, hainbat jarduera eta ekimenen bidez. Ildo horretan, irailaren 15ean Espainiako Gobernuak Memoria Demokratikoaren Lege berri baten aurreproiektua onartu zuen, “egia, justizia, biktimen duintasuna, barkamena eta pertsonen bizikidetza” lortzeko.

“EAJtik uneoro erakutsi du egia, justizia eta erreparazioarekin dugun konpromiso etiko eta politikoa. Irunen sustatu nahi dugun memoria historikoaren programak, 2020rako Aurrekontuen eztabaidan Udalbatzaren gehiengoaren onespena jaso zuenak, non 4 urterako 200.000 euroko partida bat sortzea onartu zen, funtsezko lau ardatz ditu: ikerketa, lekukotasunen bilketa, gerra-eremuen berreskurapena eta, azkenik, sozializazioa, pedagogia eta dibulgazioa”.

“Ikerketari dagokionean, sakontzen jarraitu behar dela uste dugu. Azken urteotan urratsak eman dira, baina beharrezkoa da 1936ko uztailaren 18 zorigaiztoko hartatik zer gertatu zen jakiten jarraitzea. Izan ere, oraindik ere hainbat galdera daude, hala nola urte bereko irailaren 4an hirian izandako sutea eta/edo bonbardaketa. Era berean, Irunen gero eta pertsona gutxiago dago, gertakari hori bizitu eta sufritu zutenak. Horregatik, testigantza horiek biltzea gero eta premiazkoagoa da. Halaber, Irunen liskarrak jasan zituzten guneak baditugu; Endarlatsa, Aldabe mendia, Behobia, Avenida zubia, Irungo erdigunea bera, Zubelzu, etab. Eta espazio horiek berreskuratu eta balioetsi egin behar direla uste dugu. Hala ba, azaldutako guztia, modu pedagogikoan, ekintzen eta ekimenen bitartez gizarteratu behar direla uste dugu”.

“Gaur egungo eta hurrengo belaunaldiek Irunen zer gertatu zen jakiteko eskubidea dute. Une egokia da ukatutako, ahaztutako edo isildutako historiaren zati bat aitortzeko, eta memoria historiko integrala eta denboran zehar eutsia Irunen sustatzeko. Ekimenak, aurrekontua eta gehiengoaren borondate politikoa ditugu, baina udal-gobernuak urrats gutxi eman ditu. Azken hamarkadetan jarduera gutxi batzuk besterik ez dira egin, hala nola Irungo kaleen izenak aldatzeko prozesua eta hiriko eraikinetan falangearen kartelak kentzeko prozesua. Oraindik asko dago egiteko. Ezin dugu gure hiriaren memorian arakatzeko aukera hori alferrik galdu. Horregatik, gai honetan osoko bilkuraren agindua garatzeko eskaera egiten diogu gobernuari. Azkenik, eta behin baino gehiagotan adierazi dugun bezala, udal gobernuari, Irunentzat egokiak diren kontuak kudeatzen laguntzeko prest gaudela adierazi nahi diogu”.