Mintzalaguna programan izena emateko epea zabalik dago. / Hondarribiko Udala

Gaur eguerdian aurkeztu du Hondarribiko Mintzalaguna egitasmoak 2017-2018 ikasturterako izen emate kanpaina, “Mintzalaguna, hartu, eman eragin”. Gipuzkoa plazan elkartu dira mintzalaguneko partaideak eta antolatzaileak, udaletxeko ordezkariak, merkataritza eta turismo zinegotzia den María Serrano, udal euskara teknikaria den Karmelo Goikoetxea, udal euskaltegiko zuzendaria den Arantxa Ezeiza, herriko ikastetxeetako ordezkariak, Ama Guadalupekoa ikastetxeko zuzendaria den Eli Sorondo, San José ikastetxeko euskara arduraduna den Gari Amondarain eta egitasmoaren koordinatzailea den Maite Agirre, elkarrekin ikasturte berriari gogotsu hasiera emateko. Hauekin batera egitasmoko hainbat partehartzaile.
Donostian sortu ziren 1993an lehengo mintzalagun taldeak. Ordutik Euskal Herri osora hedatu da mintzalagun taldeen dinamika eta gaur egun, 6.000 lagun inguruk parte hartzen dute guztira egitasmoan.

Hondarribian 5. ikasturtez egongo da martxan Mintzalaguna. Udalak Topagunea Euskaltzaleen Federazioarekin elkarlanean antolatzen duen egitasmoa da, herrian euskararen erabileran eragiteko. Harrera oso ona izan du azken urteetan, iaz, 13 talde osatu ziren eta kopuru hori handitzen jarraitzen saiatuko gara ikasturte berri honetan.

Iaz gainera pauso bat gehiago eman zen eta Gurasolaguna abiatu zen, Talaia, Ama Guadalupekoa eta San José ikastetxeen babesarekin. Gurasolaguna, espresuki gurasoei zuzenduriko mintzapraktika egitasmoa da, ikastetxeetako gurasoak biltzen dituen mintzalagunaren aldera. Haurrak direla eta, euren ordutegi edo zaintza beharretara egokitua. Antolatzen diren ekintzak ere gurasoei edo familiei zuzendurikoak izaten dira.

Bai Mintzalagunak eta baita Gurasolagunak ere euskaraz aritzeko ohitura duten pertsonak, ohiturarik ez dutenekin elkartzen ditu 5-6 pertsonako taldeetan, euskaraz aritzeko astean ordu betez.

2016ko udazkenean euskararen kale erabileraren neurketak burutu ziren herrian, eta emaitzek diote Hondarribiko biztanleen %60an euskalduna dela baina horietatik %24, 6ak soilik egiten duela euskaraz. Kopuru hau are txikiagoa da gazteen artean.
Mintzalagun egitasmoetako partaideen artean urtero egin ohi diren inkesten emaitzak berriz zera diote; egitasmoan euskara praktikatzeko izena ematen dutenek, nagusiko euskaraz gehiago hitz egiteko egiten dutela, eta hauei helburu hau lortzen laguntzeko bidelagun aritzen direnek berriz, euskararen normalizazioan modu aktiboan lagundu nahi izaten dutelako hartzen dutela parte. Bada ordea partekatzen duten arrazoirik ere; guztiek inguruan jende euskaldun gehiago izateko nahia adierazten dute eta baita Euskaraz bizitzeko aukerak handitzekoa ere.

Askok gainera, ezagutzatik erabilerara egiten dute salto talde hauetan. Euskarazko harreman berriak sortzen dira eta gertuko harreman horietan dago giltzarri nagusietako bat, denen gogoak, ahaleginak eta palankak batzean, hartu eta emanetan. Hortik aurtengo kanpainaren leloa ” Mintzalaguna, hartu, eman, eragin”.

Mintzalgunak herrian euskaraz aritzeko gune eta uneak sortzen ditu, euskaraz bizi nahi duten herritarrak elkartuz. Egitasmoa indartzea beraz, lagungarri gerta daiteke euskararen kale erabileraren datuetan eragiteko. Gainera, inkestetan partaideei ekimenean jarraitzeko arrazoiagatik galdetzen zaienean gustura sentitzen direla adierazten dute guztiek, lagunak egiten dituztela eta beraien helburuak betetzen direla.

Herritar orok parte har dezake beraz Mintzalagunean: euskaraz lasai eta lotsarik gabe hitz egin nahi duenak, Herria euskaldunago bihurtuko nahi duenak, beste guraso batzuekin euskaraz aritzeko gogoa duenak, besteei euskaraz bizitzen lagundu nahi dionak, ondo pasa nahi duenak, etxeko eta familiako hizkuntza ohituretan eragin nahi duenak… Baldintza bakarrak euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko konpromisoa hartzea dira.

Izena emandako guztien artean gehienez 5-6 pertsonako taldeak egingo ditugu, euskara maila, elkartzeko ordu eta egunak eta zaletasunak kontuan izanda. Gainera urtean zehar hainbat bisita eta tailer antolatzen dira eta mintzalagun guztiek elkartzeko aukera izago dute. Ekintza hauetako batzuek gainera ( urteroko sagardotegiko afaria, mintzalaguna) beste herri eta eskualde batzuetako mintzalagunekin batera burutzen dira parte hartzaileen arteko harreman sareak are gehiago zabaltzen direlarik.

Izen ematea hainbat bide erabiliz burutu ahalko da urriaren 3a eta 14a bitartean:

– Hondarribiko Udal Euskara Zerbitzura joz: Pampinot 12-14
– e-postaz: mintzalaguna@hondarribia.eus
– internet bidez Udaleko webgunean (http://www.hondarribia.eus) edo https://labur.eus/hondarribia helbidean

Jakinarazi azkenik aurrez aurre taldeetan biltzeko aukerarik ez dutenentzat badela mintzapraktika egiteko beste modu bat, Mintzanet. On line euskara praktikatzeko aukera da eta internet bidez egiten dira saioak bikoteka. Kasu honetan izen ematea http://www.mintzanet.net/sartu.php webgunean egin behar da.