Bidasoa Ibilbidea. / Hondarribiko Udala

Pasa den azaroan Talaia Bordari Ikastetxearen inguruan abian jarri zen ‘Muxu eta agur’ ekimenak jarraipena izan du orain Bidasoa Ibilbidean, Ama Guadalupekoa Ikastetxearen altueran hain zuzen ere.

Kalixa Silanes Hezkuntza zinegotziak esan duen moduan, “‘Muxu eta agur’ iniziatibaren helburua, ikastetxeetara bere haurrak autoz eraman behar dituzten gurasoei, zentroaren inguruan eremu bat erreserbatzea da, hala, autoa aparkatu, seme edo alabari agur esan eta berehala autoa atera dezaten ondorengoari tokia uzteko. Haurrak jasotzerakoan ere sistema bera erabiltzen da. Horrela lortzen dugu une konkretu horietan egon daiteken trafikoa ahal den neurrian leuntzea. Trafiko hori arautzeko egunero Udaltzaingoa ikastetxeen inguruetan egoten da gainera”.

“Azaroan Juan Ignacio Iztueta kalean, Bordari Ikastetxearen parean jarri zen abian ekimena, eta emaitza onak ematen ari dela ikusita, hurrengo urratsa Bidasoa Ibilbidean eta Ama Guadalupekoa Ikastetxearekin emango dugu, pixkanaka eta ahal den neurrian, hedatzeko asmoa dugularik”.

“Gogoratu nahiko nuke iniziatiba hau ‘Hondarribia mugitzen ari da’ ekimenaren barne dagoela, eta zentzu horretan, Udaletik zabaldu nahi dugun mezua argia da: mugikortasun aldetik beste eredu bat posible da. Ez goaz autoa erabiltzearen aurka, eta bai autoa zentzuz erabiltzearen alde. Oinezkoak du eta izan behar du lehentasuna, gero txirrindak, gero garraio publikoak eta azkenik auto pribatuak”.