Txingudi Ikastola. / Oihana Sánchez

Joan den ostiralean Irungo eta Hondarribiko udaletako ordezkariak Txingudi Ikastolako ordezkariekin bildu ziren, ikastetxe horretara oinez joateko bideak hobetzeko neurriak aztertzeko. Bi udalek konpromisoa hartu dute azterketa bat egiteko berehala, Ospitalea kaletik ikastolaraino bertarainoko oinezkoen pasabideetako segurtasuna hobetzeko.

Ildo horretatik, azterketa amaitutakoan Txingudi Ikastolako ordezkariekin biltzeko konpromisoa hartu dute bi udalek, azterketa elkarrekin kontrastatzeko eta arazoa konpontzeko bidean aurrera egiteko.

Oinezkoen pasabideetako segurtasuna hobetzea da lehentasuna, baina beste gai batzuetan lanean jarraitu beharra dago, hala nola Txingudi ikastolaren inguruan oinezkoen eta ibilgailuen arteko bizikidetza hobetzea (horretarako ikastolak berak sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak abiatu ditu dagoeneko) eta ikastolaren inguruan aparkatzeko leku gehiago sortzea.