Ingurumena eta Agenda 21eko zinegotzia den Kalixa Silanes. / Hondarribiko Udala

Hondarribiko Udalak, bertako eta sasoiko produktuen kontsumoa bultzatzeko helburuarekin, 2018ko mahaiko egutegi errezetarioa atera du. “Egutegi hau Hondarribiko azokalari eta zenbait ostalarien arteko elkarlanaren fruitua izan da, beraiek eskainitako errezetak barneratzen baititu”, dio Kalixa Silanesek, Ingurumena eta Agenda 21eko zinegotziak.

“Hemendik aurrera, hondarribiarrek sasoiko produktuekin errezeta goxoak egiteko aukera edukiko dute. Hilero produktu bat aukeratu da, garaian garaikoa. Horrekin batera, herriko ostalari edo eragile batek plater bat prestatu du eta hura nola egiten den azaltzen da euskaraz eta erderaz, beharrezkoak diren osagaiak eta elaborazioa zehaztuz”, gehitu du Silanesek.

“Eskerrak eman nahi dizkiogu ekimen honetan parte hartu dutenei. Hilabeteen ordena jarraituta, hurrenez-hurren ondorengoak dira: Danontzat, El Curry Verde, Arrantzaleen Kofradia, Mattenea Baserria, Arraunlari Berri jatetxea, Gran Sol Taberna, Hiruzta Upategia, Sardara Taberna, Amona Margarita Okindegia, Tudelenea eta Bottika baserriak, Batzokia Jatetxea eta Botikako Agroaldea hain zuzen ere”.