Jose Ignacio Asensio, Ingurumen diputatua. / Gipuzkoako Foru Aldundia

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetarako Departamentuak, Hondarribiko Udalarekin elkarlanean, Energia Argitu programaren baitan, elektrizitate-kontsumoari buruzko datua ezagutzeko eskubidea praktikan jarri eta hortik abiatuz erabaki egokiak hartzeko balio duten doako tailerra antolatu du urriaren 21ean, 18:30tan, KZ gunean (Harresilanda, 5).

Saio honetan parte hartu nahi duten herritarrek, urriaren 19a baino lehen izena ematea beharrezkoa da, saioak aurrera egiteko ezinbestekoa baita aldez aurretik ikasle-kopurua ezagutzea. Horretarako, honako bideak erabil daitezke:

– Posta elektronikoa bidaltzea ondorengo helbidera: argitu@gipuzkoa.eus
– Honako telefono zenbakira deitzea: 628 532 248 (astelehenetik ostiralera, goizeko 8:00tatik arratsaldeko 4etara)
– Informazio osagarria: www.argitu.eus

Beharrezkoa izango da ezarrita dauden osasun eta higiene baldintzak betetzea. Beraz, gehienez 10 lagunek parte hartu ahal izango dute tailerrean, 2 metroko distantzia mantenduko da une oro eta musukoa erabili beharko da.

Tailer hauek Energia Argitu programaren baitan kokatzen dira eta bere helburua Gipuzkoako sektore ezberdinei (etxebizitzak, merkataritza, enpresa txikiak, etab.) energiaren kontsumoaren murrizketa lortzeko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskura jartzea da. Horretarako, Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Foru Departamentuak baliabide-multzo bat jartzen du lurraldeko eragile ezberdinen eskura; hala nola, aurrez aurreko prestakuntza-saioak, on-line tutorialak, energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko gidak, Energia Argitu programaren web gunea, eta abar. 2020 urtea amaitu aurretik, energia modu eraginkorrean erabiliz eta erosotasunik galdu gabe energia eta dirua aurrezteko gomendio ezagutzera emateko tailer praktikoez gain, Gipuzkoako udalerrietan beste hainbat tailer ere eskainiko dira, guztiak energiaren aurrezpenarekin eta erabilera jasangarriarekin zerikusia dutenak:

– Etxean energia aurrez dezakezu erosotasunik galdu gabe!
– Energia berriztagarriak zure etxean…posible da!
– Eraginkortasun altuko birgaitzea: zure etxerako baliagarria, dirua aurrezteko eta osasuna irabazteko
– Ibilgailu elektrikoak eta mugikortasun jasangarrirako aukerak