Betti Gotti euskararen egoerarekin kezkatuta dago

Irun eta Hondarribiko 18 urtetik gorako orori zuzendutako “Bilera Irekia” antolatu du elkarteak urtarrilaren 26an, 18:30etan, Palmera Montero gunean

0
1533

Betti Gotti Euskara Kultur Elkarteak urte berriari erronka eta proiektuz jantzita ekin dio. Jarduera andana bat aurrera eraman ditu urteotan, beti gazteen arteko harremanetan euskararen erabilera eta presentzia bailaran indartzeko helburuarekin.

Hala, 8-11 eta 12-15 urte artekoentzat Zuhatzako udalekuak, 16-17 urteko gazteentzako Vall d´Araneko udalekuak, begirale izateko formakuntzak, topaketak, ateraldiak, Olentzeroren Etorrera Irunen, Euskararen Eguneko jarduerak, edota urtero 1.500 lagun biltzen dituen San Martzialetako Herri Bazkaria dira elkarteak antolatutako ekimenik ezagunenak.

Euskararen egoera bailaran

Honek guztiak ezin ditu estali, aldiz, Irunen eta Hondarribian egindako azken inkesta soziolingustikoek emandako kaleko euskararen erabilera datu apalak. Irunen herritarren %7ak eta hondarribiarren %24ak baino ez baitute euskara ematen bere eguneroko harremanetan. Eta gazteen artean egoera bereziki kezkagarria da. Euskara bidegurutze historiko batean aurkitzen bada, gure eskualdean aukera hori aprobetxatu beharra dugula uste du Betti Gottik. Eta egoera hori iraultzeko helburuarekin, gazteei zuzendutako “Bilera Irekia” antolatu dugu urtarrilaren 26an 18:30etan Irungo Palmera Montero gunean.

Etorkizuna gazteen esku

Euskarak behar duen tokia berreskura dezan, baldintza berriak ezarri eta gazteen arnas berria ezinbestekoa da. Hortaz, elkartea ezagutu eta motibazio berriak bildu nahi ditu Betti Gottik. Izan ere, gaudenak ederki ari gara lanean, baina indarrak bilduz gero, elkartea oraindik handiagoa izango da, eta euskara berarekin. Betti Gottik orain artean egin duen lan eskerga ahaztu gabe, eta erakunde publikoek ezinbestean agertu beharko luketen babesa nabarmenduz, euskararen etorkizuna herritarron esku dagoela oroitarazi nahi dugu. Eta ez beste.

Hortaz, bettigottitar izateko deialdia luzatu nahi die Betti Gotti-k Irun eta Hondarribiko 18 urtetik gorako guztiei. Elkartearen dinamikan parte hartu, eta begira geratu beharrean, ekin eta erabaki dezaten.