Erakusketa Arma Plazan egongo da ikusgai, azaroak 9tik 22ra. / Hondarribiko Udala

Bidasoako 90 deportatuak xede dituen erakusketa Hondarribiko Arma Plaza kultura eta turismo informazio puntuan egongo da ikusgai, azaroak 9tik 22ra. Hala eman zuten aditzera atzo prentsaurrekoan, Txomin Sagarzazu alkatea eta Arma Plaza Fundazioko presidenteak, Kalixa Silanes Kulturako zinegotzia eta Fundazioko patronatoko presidente-ordeak, eta Peli Lekuona, Memoria Historikoa Bidasoan Elkarteko ordezkariak.

“Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak, Hondarribiko Udalaren laguntzaz, antolaturiko erakusketa antolatu da, datorren astelehenean ireki eta azaroak 22 arte ikusgai egongo dena Arma Plazan. Eremu segurua dela argi esan nahi dut lehenik eta behin. Osasun eta segurtasun neurri guztiak hartuko dira”, esan zuen Txomin Sagarzazu alkateak.

“Eskerrak eman nahi dizkiet Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan Elkarteari egiten ari diren lanagatik. Oso baliagarria dela iruditzen zait eta denok asko ikasten dugu beraiei esker historian ilunak izan daitezken puntuetan”.

Kalixa Silanes Kultura zinegotziak gehitu zuenez, “Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartetik duela denbora bat luzatu ziguten proposamena. Begi onez ikusi genuen eta gaur hemen daukagu emaitza. Astelehenetik 22ra irekita egongo da, goizeko 10:00etatik 18:00etara astelehenetik larunbatera, eta 10:00etatik 14:00tara igandeetan”.

“Pertsona edo kolektibo bat herrialde batetik gogoz kontra kanporatzea da deportazioa” esan du Peli Lekuonak. “Zigor gisa, isolatze edota esklabotasun helburuekin baliatu izan da deportazioa. Bigarren Mundu Gerran, Naziek judutarren aurka baliatu zuten bereziki deportazioa. Atxilotuak euren jatorritik, atxilotze edo akabatze esparruetara bortxaz mugiarazi zituzten. Nagusiki, Polonia, Austria eta Alemaniako esparruetara. Naziek bestelako talde etniko, politiko eta sozialak deportatu zituzten ere, herrialde berriak okupatu ostean, errepresio neurri gisa”.

Washington-eko Holocaust Memorial Museum-en arabera, 42.500 atxilotze gune, akabatze gune, ghetto eta bortxazko lan faktoria egon ziren. Bertan, 15 eta 20 milioi pertsona batu zituzten. Hauen artean badago Bidasoa jatorri duten pertsonak. Hendaia, Irun, Bortziriak edo Hondarribitik deportatuak izan ziren bizilagunak. Zehazki, 90 bizilagun deportatu ziren eta hauetatik 30 esparruetan hil zituzten.

“Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkartearen ustetan, deportazioa, Hendaian eta orokorki Ipar Euskal Herria eta Frantziar Estatuan landua eta oroitutako materia den bitartean, Bidasoko hegoaldean ezezagunagoa eta gutxi jorratu den gaia da”.

Deportazioa Hondarribian

Hondarribia jatorri duten hiru deportatuek bizirik iraun zuten haien esparruaren askapena heldu arte. Eduardo Albistur Sagarzazu arrantzalea Bergen-Belseneko kontzentrazio esparruan egon zen. Francisco Aguilar Mendizabal, jaiotzez Logroñokoa, Hondarribiko Juventudes Socialistas

Unificadas taldeko kidea zen. Gerrak iraun zuen bitartean, Avance aldizkariko korrespontsala izan zen, Luis Jubert-116 Brigada Mixtaren nondik norakoak kontatuz, Aragoiko Frontetik. Gurs-eko kontzentrazio esparruan egondako Hondarribiko bizilagunetako bat da.

Hirugarren deportatua, Clemente Sagarzazu Agirre, Compiegne, Neuengamme eta Wöbbelineko kontzentrazio esparruetan egon zen. Hondarribia utzi ostean, Ziburura lekualdatu zen, bertako “Restaurant du Fronton” jatetxearen ardura hartuz. Bertatik, “Bordeaux Loupiac” sarean jardun zuen hegazkinlari eta soldadu aliatuak babestuz, Ipar Euskal Herria nazien okupaziopean zegoenean.

Josu Chuecaren hitzaldia

‘Bidasoako Deportatuak’ erakusketa ibiltariaren baitan, Josu Chueca historialariak gaiari loturiko hitzaldia eskainiko du azaroak 13an. Jardunaldia Hondarribiko Kultur Etxean burutuko da, 19:00etan.

Chueca “Gurs-el campo vasco” liburuaren idazlea da. Bertan, Oloron alboan kokaturiko kontzentrazio esparruaren zioak aipatzen dira. Hasieran, 2.745 euskaldunek bete zuten esparrua, Nazien deportazio sistemaren esparru bilakatu zen, 1942an, Vichy-ko erregimena ezarri zenean. Iaz, Etxahun Galparsororekin, “Euskaldunen Deportazioa Hirugarren Reicheko esparruetara” ikerlana erredaktatu zuen, Gogora institutuarentzat.

Erakusketa

Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak sorturiko erakusketa 27 panelez osatua dago. XX. mendeko erregimen totalitarioetan hasita, deportazioaren testuingurua azaltzen da. Ondoren, Bidasoa inguruko eta europako esparru nagusien berri ematen da. Azkenik, Bidasoko hainbat deportaturen xehetasunak eskaintzen dira.