David Nuño, Gizarte Ongizateko zinegotzia. / Irungo Udala

Irungo Gizarte Ongizateko zinegotzi ordezkari David Nuñok eskutitz bat bidali dio Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñari, Foru Aldundiak gizarte bazterketako gaietan dituen eskumenak bete ditzan erreklamatzeko.

Eskutitzean, Nuñok kaleko gaietarako eta bazterketarako udal zerbitzuak errepasatu ditu, hala nola errolda soziala, gizarte langileen jarraipen eta laguntza lana eta, jakina, Zubia gizarteratze zentroko baliabideak (2018an zabaldu zen Zubia, eta eguneko eta gaueko harrera zerbitzu osoak eta jantoki soziala eskaintzen ditu). Era berean, Irungo ordezkariak gogorarazi du azken asteetan hotzari aurre egiteko protokoloa jarri dela martxan tenperaturak baxuak diren honetan inork ez emateko gaua kalean.

Alde horretatik, David Nuñok eskutitzean oroitarazi duenez, Foru Aldundia da baliabide horiek guztiak erabiltzen dituztenen balorazioa egiteko arduraduna, baita larritasun ertain edo handiko kasuetan arreta emateko eskuduna ere. “Foru Aldundiak kasu bakoitzaren balorazioa egiten du, eta, arazoa larria bada nolabait, bera da kasuaz arduratzeko eskuduna, baliabideak eskaintzeko arduraduna. Alabaina, batzuetan, sei hilabete eta urtebete bitartean ere igarotzen da balorazioa egiten denetik dena delako baliabidea martxan jartzen den arte. Bada, oso-oso larria da hori”.

Maite Peñari idatziz helarazi dionez, Nuñok errepasatu du zer-nolako zailtasunak sortzen diren Foru Aldundiaren arreta berandutzen delako. “Bada frustrazio arazo bat, laguntza behar duten pertsona askok, beren ezaugarriengatik, ezin baitute urtebete itxaron. Gure gizarte langileak, berriz, lanez gainezka daude, Foru Aldundiak bere eginbeharra betetzen ez duenez kasuez arduratzen jarraitzen dutelako, eta gure baliabideek, hala nola Zubia zentroak, ezin diote erantzun eskaerari, Foru Aldundiaren erantzunaren zain dauden kasuak udal zerbitzuen esku gelditzen direlako azkenerako eta ez dagoelako behar adinako txandaketarik. Azken finean, sistema buxatuta dago, eta gaizki dabil, Foru Aldundiak ez duelako erantzuten garaiz”.

Bestalde, David Nuñok Foru Aldundiaren beste gabezietako bat nabarmendu dio diputatuari: kalean bizi diren eta hirian errotuta ez dauden pertsonentzako erantzuna. “Badira kalean bizi diren pertsona asko, Irunera iritsi direnak baina berdin-berdin beste edozein udalerritara irits zitezkeenak. Foru Aldundiak haietaz arduratzeko beharrezkoak diren baliabideak izan beharko lituzke, baina, ez denez arduratzen, udal baliabideen esku geratzen dira azkenean; udal baliabideak, ordea, ez dira kasu guztiez arduratzeko gai”.

Gizarte Ongizateko ordezkariaren ustez, diputatuari jakinarazi dionez, “une zailak dira, eta guztiok dakigu erakundeok zailtasunak izaten ari garela herritarren beharrei erantzuteko, baina, era berean, zintzoki uste dut ezin diogula gizarteari huts egin horrelako gai delikatu batean”.

Azkenik, David Nuñok laster biltzea eta idazkiak aipatzen dituen gaien xehetasunak lantzea eskaini dio diputatuari.