Joxemi Elduayen. / Martín Tellechea

2002. urtean hartu zuen Joxemi Elduayen-ek Hondarribia Arraun Elkartearen presidentzia. Urte hartatik hona historiako momenturik onenetarikoak bizi izan ditu klubak. Beste 4 urterako hautatua izan da eta berarekin arraunaz eta klubak herrian duen garrantziaz hitz egin nahi dugu.

– Joxemi Elduayen esatea Hondarribia Arraun Elkartea esatea da eta alderantziz…

Egia da azken urte hauetan gu hor gaudela, ez bakarrik ni presidente bezala… Mikel (Orbañanos) entrenatzaile bezala, Ioseba (Amunarriz) patroi bezala, Txalo (Carrion) edo Iñigo (Vertiz) tostetan… urte asko dira eta normaltasunez ikusten dugu jendeak kalean gu arraun elkartearekin erlazionatzea. Baina beste garai batzuk egon dira eta ez da horrela izan eta aurrera begira beste garai batzuk ere etorriko dira. Herrian jendea proiektu honekin oraindik pozik dagoela uste dut.

– 17 urte presidente bezala eta beste 4 urterako hautatua izan zara. Proiektua ondo doan seinale edo kezkatua urte hauetan beste hautagaitzarik ez delako aurkeztu?

Ziur nago jendea egon egongo dela honelako erronka bati aurre egiteko, baina seguru nago ere jendeak arraun elkartean talde sendo bat dagoela ikusten duela. Aurrera begira saiatu beharko gara talde berri bati pixkanaka lekua uzten edo gurekin egotera gonbidatu, eta gure laguntza eskaini aurrera begira arraun elkartea hartzeko. Argi daukagu betirako ez garela egongo. Baina momentu honetan ez nau kezkatzen, naturaltasunez emango den gauza bat izango delako.

– Datozen 4 urte hauei begira, zeintzuk izango lirateke ardatz nagusiak…

Beste 4 urte jarraitzea erabaki baldin badugu ilusioa daukagulako izan da. Honelako proiektu batean sartzen zarenean izan behar duzun lehenengo motorra ilusioa izan behar da. Galtzen bada hobe da alde batera egin eta beste bati bidea ematea. Baina gustora gaude, gure artean harreman oso ona daukagu eta ideiak ditugu datozen 4 urtetarako. Horregatik erabaki genuen jarraitzea.

– 3 Kontxa, 3 TKE Liga, 2 Espainiako Txapelketa, 5 Euskadiko Txapelketa, Gipuzkoako beste 10 eta 50 bandera baino gehiago TKE Ligan. Kluba historiako momentu onenetariko batean dago, baina honek ere presioa handiagoa egiten du. Nola kudeatzen da beti irabazi behar izateak?

Ezin da ukatu presioa hor dagoela. Denboraldi berri bat bati aurre egiten diozunean aurreko urtearekin konparatzen duzu. Ez dizut ukatuko presio puntu bat badagoela. Baina hau ere beste modu batera ikusi dezakegu, hau da, guk, emaitzen aldetik, egin ditugunak egin ditugu, hor daude, presio hori ez dugu garaipen hau edo bestea lortzeagatik. Azken finean oreka bat izan behar dugu, ezin gara emaitzekin obsesionatu. Gure sekretuetariko bat azken urte hauetan hau izan da: gauzak ondo atera direnean disfrutatu eta ez direnean hain ondo atera normaltasun baten barruan ikusi. Onartu egin dugu eta aurrera egin dugu burua galdu gabe. Gogoa badugu eta emaitzen bila aterako gara, baina ez badira heltzen ez dugu burua galduko.

– Apirilean gaude eta pixkanaka pixkanaka uda gerturatzen. Nola ikusten duzu aurtengo TKE Liga?

Beti gauza berdintsuak esaten ditugu. Agian azken urte hauetan Hondarribia eta Urdaibairen arteko lehia bat ikusi da, baina Orio gora dator, Zierbena iaz hor egon zen eta ez daukat dudarik aurten Santurtzi bezalako talde bat hor ere egongo dela.

– Neskak Euskotren Ligara igo dira San Juanen desagerpenaren ostean. Hara hor beste aukera bat Hondarribia Arraun Elkarteaz hitz egiteko…

Talde berdintsua daukagu iazkoarekin konparatuz. Ildo beretik jarraituko du taldeak. Seguru nago joan den urteko esperientziak lagundu egingo digula. Oso ondo hasi ginen eta Euskotren Liga horretan sartzea sorpresa ere izan zen guretzako. Gero egia da uda aurrera egin zuenean maila jaitsi egin genuela. Lasaitasunez eta ilusioarekin Euskotren Ligan maila mantentzeko erronka dugu, baina garbi daukagu bi edi hiru urteko lana daukagula. Aulki mugikorrean neskak asko ibiltzen dira, baina traineruan urte batzuk ditugu aurretik oraindik dena ondo finkatu arte. Ikasteko ere balioko digu.

– Zenbat gazte ari dira momentu honetan Hondarribia Arraun Elkartean lehiatzen…

140-150 inguru dabiltza. Beste kirol batzuekin konparatuz ez direla asko ematen du, baina arrauna oso kirol konplikatua da material aldetik, logistika aldetik… Arraunlari bat aurrera ateratzeko baliabide asko behar dira. Horregatik hainbeste arraunlari izateak asko eskatzen du, ez bakarrik ekonomikoki, pertsonalki ere.