Palmera Montero Gunea. / Irungo Udala

Soziolinguista eta telebistako aurkezle ezaguna den Kike Amonarrizek hitzaldi bat emango du ostegun honetan Euskaraldia ekimenaren aurre-beroketa bezala, hau hasi baino egun bat lehenago. “Zergatik Euskaraldia? Zergatik orain? Zergatik Irunen?” izenburupean Euskaraldian parte hartuko dutenak motibatu nahi ditu Amonarrizek.

Hitzaldia Palmera Montero Guneko 5. aretoan izango da eta Euskaraldian izena emandako guztiei zabaltzeaz gain hiritar orok parte hartzeko aukera du. Amonarrizen esanetan “adostasun zabala dago euskalgintzan ziklo bat amaitzen eta beste bat zabaltzen ari den ideiaren inguruan. Asko aurreratu da azken hamarkadetan, baina inflexio-puntu batera iritsi garela dirudi eta blokeo-egoera batean ez kateatzeko ezinbestekoa da euskararen aldeko dinamikak berraktibatzea maila guztietan”.

Irungo Udaleko Euskara ordezkaria den Monica Martinezek hitzaldia aurkezterakoan aipatu zuenez, “horixe da Euskaraldiaren helbururik nagusiena: norbanakoen eta era guztietako kolektiboen hizkuntza portaerak aldatu eta euskararen erabilera bultzatzea, inertziak puskatuz”.

Globalizazioak, digitalizazioak, telefoniak edo Internetek guztiz aldatu dituzte komunikatzeko gure aukera eta moduak; eta gero eta ingurune eleanitzagoan bizi gara. Guzti honen eraginez, erabat aldatu dira euskaldunon ezaugarri sozio-demografikoak, darabilgun euskara eta baita erabileraren inguruko parametro asko. Hitzaldian, Amonarrizek modu atseginean jorratuko ditu gai hauek guztiak, seriotasunez baina baita umorez ere.

Euskara ordezkariak gaiarekin interesa duten lagun oro hilaren 22an, 18:00etatik aurrera, Palmera Montero Gunera hurbiltzera animatu zituen, ondo pasatzen ikasteko.

Euskaraldiko irekiera

Udal Euskara arloak Irunen azaroaren 23an egingo den irekiera ekitaldira deitu nahi izan dituzte Irungo Ahobizi eta Belarriprest guztiak. Hitzordua 17:30erako zehaztu dute, San Juan Plazan. Irekiera ekitaldiari musika jarriko diote Irungo Txistulari Bandak eta Mugaldekoak taldeko kideak.

Udalak gogoratu nahi izan du, halaber, azaroaren 23an bukatzen dela Euskaraldian izena emate eta txapa jasotzeko epea.