Lehiaketan 44 lanek hartu dute parte eta irabazlea Toledoko Ricardo Diaz Salido izan da. / Hondarribiko Udala

Aurtengo Martxoak 8ak badu bere irudia. Emeki Elkarteak eta Udalak antolatu duten kartel lehiaketaren ondoren, Toledoko Ricardo Díaz Salidoren «Junturak» izango da aurtengo irudia. Kartelaren eta aurkeztu diren lanen erakusketaren berri eman dute prentsaurrekoan Maria Serrano Hiritarren Harremanetarako zinegotziak, eta Emeki Elkarteko ordezkariak diren Maria Jesus Berrotaran eta Tzane Carrillok.

“Aurten lehen aldiz martxoaren 8ak irudi berezi bat izan behar zuela pentsatu genuen. Lehiaketa bat deitu eta 44 izan dira parte hartu duten lanak, eta garailea Toledoko Ricardo Diaz izan da. Nahitaezkoa da balorazio positiboa egitea beraz”, esan du Serrano zinegotziak.

“Eskerrak eman nahi dizkiot Emeki Elkarteari egiten ari den lanagatik. Bai gaurko erakusketa, baita aste honetarako antolatu den ekitaldi sorta zabala, Hondarribiko kale izendegia emakume izenekin aberasteko egin duten lana eta beste gauza askorengatik”.

Erakusketa datozen egunetan ikusgai egongo da Arma Plazan. Gogoratu behar da astelehenetik larunbatera irekiera ordutegia 10:00etatik 18:00etara dela, eta igandetan 10:00etatik 14:00tara.

Ekitaldi ugari aste osoan

Emeki eta Hondarribiko Udalaren arteko lankidetzan ekitaldi ugari antolatu dira: filme emanaldi, hitzaldi bat, edota Emeki Elkartearen 30. Urteurrena ospatzeko ibilaldia antolatu dira besteak beste. Informazio guztia www.hondarribia.eus gunean dago.

Udal Liburutegitik Emakumearen Astearekin bat egin da, kasu honetan hilabetean zehar ekitaldi desberdinak antolatu direlarik.