Ostegunean, dokumentala eta solasaldia Kultur Etxean

"Elkarrekin Together" dokumentala ikusteko aukera egongo da. Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat hiri eta herritan estreinatu da dagoeneko, eta diasporan ere egina du ibilbidea

0
1008

Ostegunean, Alde Zaharreko Kultur Etxean, “Elkarrekin Together” dokumentala eta solasaldia,19:00etatik aurrera. Sarrera doakoa izango da.

Dokumentalaren hastapenean, Euskal arkeologoen espedizio batek AEBko ekialdean hutsik dagoen irla urrun batera bidaia kontatzen da. Aspaldiko dokumentu batzuen arabera, euskal balea-arrantzaleen eta bertakoen arteko lankidetzarako elkargunea izan zen.

Espedizioko kideekin batera joango gara, lanbro artean, zuhaitz eta harri-labirinto batean barrena. Haien ametsa aurkitzen badute, erakutsiko dute beste mundu bat posible izan zela; beste mundu bat posible dela.

Dokumentalaren zuzendariak Migueltxo Molina, Pablo Iraburu eta Igor Otxoa dira, eta gidoia, aipatutako hiruek eta Angel Oiarbidek egindakoa da. Ordu t’erdiko iraupena izango du.

Donostiako Zinemaldian estreinatu ondoren, herriz-herri dabil “Elkarrekin Together” film dokumentala. Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat hiri eta herritan estreinatu da dagoeneko, eta diasporan ere egina du ibilbidea. Besteak beste, Boisen, San Diegon, Renon, San Franciscon, Buenos Airesen eta Montevideon izan da. Guztira, 90 emanaldi inguru izan dira.