Bentako aparkalekua. / Hondarribiko Udala

Datozen egunetan Biarritzen ospatuko den G-7 bilkura dela eta, Hondarribian zenbait ondorio egongo dira. Txomin Sagarzazu alkateak esan duenez, “kontaktuan gaude Udaltzaingoa, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailarekin eta Espainiako Gobernuko Subdelegazioarekin, egon daitezken arazoei aurre egin ahal izateko”.

“Hondarribia eta Hendaia itsasontziz lotzen dituen zerbitzuan kontrolak egiten ari da polizia, baina esan digutenez, ez dira ordutegiak eta zerbitzuak aldatuko”, esan du Sagarzazuk.

“Ostiral honetarako aurreikusita zegoen zesta puntako finala datorren ostiralera igaroko da. Lau finalistetatik bi iparraldekoak dira, eta jarraitzaile asko etortzekoak zirenez, udala eta antolatzaileen artean erabaki dugu astebete atzeratzea. Ulertzeko moduko neurria dela uste dugu”.

“Bestela, Irunen eta Biriatun egongo den trafikoak eragin zuzena izango duela argia da. Horregatik, ahal den neurrian, hiritarrari eskatu nahi nioke garraio publikoak erabiltzea, ahalik eta arinena izan dadin trafikoa. Informazio gehiago https://ekialdebus.eus/eu/ gunean topa daiteke”.

Hondarribiko Udaltzaingoa hiritarrak izan ditzaken zalantzak argitzeko prest dago, 943 11 13 13 edo udaltzaingoa@hondarribia.eus postan.