Urriaren 31an egingo da XXIV. Enpleguaren Astea. / Bidasoa bizirik

Irungo eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa biziriken bidez, datorren urriaren 31rako antolatu dute Ficoban Enpleguaren Astearen XXIV. edizioa. Ekitaldi honen bidez kontratazioak egiteko aukera ematen zaie eskualdeko enpresei eta lanpostu bat aurkitzeko aukera, berriz, lan bila dabiltzanei.

Miguel Angel Paezek, Bidasoa bizirikeko presidenteak, hauxe adierazi du: “lanean jarraitzen dugu lan bila dabiltzan pertsonei, eta bereziki, luzaroan langabezian daudenei lan aukera bat eskaintzeko”.

Bestalde, Maria Serranok, Bidasoa bizirikeko presidenteordeak, hauxe esan du: “guztiz finkatuta dagoen ekitaldia da, eta beroni esker, jende askok aurkitu ahal izan du lana urte hauetan”.

Iazko hilabete berdinean egindako Azokaren funtzionamenduaren antzekoa izango da honakoa. Interesatuta daudenek urriaren 25etik aurrera, ostiraletik aurrera, kontsultatu ahal izango dituzte www.elespazio.com webgunean enpresek eskaintzen dituzten profilak eta eskaintzak, eta urriaren 31n, Ficoban, enpresa parte hartzaileek curriculumak jaso eta elkarrizketak egingo dituzte hautagaiak ezagutzeko. Parte hartzeko ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Eta, azken edizioetan ohi denez, eskualdeko Lanbide heziketako zentroek gure eskualdeko langileen eta langabeen eskura jarriko dute prestakuntza alorreko informazioa.

Enpleguaren Astearen XXIV. edizio honeni begira gutxi gorabehera 30 entitatek berretsi dute beren parte hartzea. Guztira 70tik gora profil eta 150 inguru lanpostu eskainiko dira. Berrikuntzen artean aipa dezakegu LOUVRE Groupe ostalaritza talde frantsesak bere Campanille markarekin parte hartzeko agertu duen interesa, talde horrek hainbat establezimendu baititu Hendaian eta Akitaniako beste alde batzuetan.

Argazkilari profesionala eta curriculuma hobetzeko aukera

Aurten argazkilari profesional bat izango da eta nahi dutenei argazkiak egingo dizkie beren curriculumetan edo Linkedin bezalako sare sozialetan jartzeko. Zerbitzu hori 10:00etatik 12:30era emango da eta doan izango da.

Gainera, beren curriculuma hobetu edo sortu nahi duten pertsonek hori egin ahal izango dute alorrean adituak diren langileen laguntzarekin. Horretarako, aurreko edizioetan bezala, gune bat ezarriko da lau/sei ordenagailurekin eta inprimagailu batekin.

Bestalde, 29an eta 30ean, bi tailer oso praktiko eskainiko dira Hendaia kaleko bulegoetan (Ducourau jauregia). Lehenengoan merkataritza alorreko enpresetan nola erregistratu argituko da. Eta bigarrena Ficobako elkarrizketak prestatzeko tailerra izango da.

Bere standa izango du Bidasoa bizirikek

Berrikuntza gisa, aurten bere standa izango du Bidasoa bizirikek, bertan eskainiko ditu kudeatzen dituen lanpostuak, eta bertan jasoko ditu langileak kontratatzeko premia duten baina arrazoiak arrazoi hilak 31an ezin gerturatu daitezkeen enpresentzako curriculumak.

Langabezia tasak behera jarraitzen du Irunen eta Hondarribian

Azken hilabeteotan behera egin du langabeen kopuruak Bidasoaldean, %10,6an dago langabezia tasa, Euskadiko batez bestekoa (%10,9) baino txikiagoa da.

Aurtengo apiriletik aurrera, ehuneko 0,4 puntutan egin du behera langabe dauden pertsonen kopuruak, eta aurreikuspenen arabera datozen hilabeteetan ere Euskadiko batez bestekotik behera jarraituko du gurean langabezia tasak.

Irailean ere Gipuzkoa izan zen langabezia tasarik txikieneko herrialdea, %8,6, Bizkaian eta Araban %11,6.

Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) adierazi duenez, %57,1ekoa da Gipuzkoan jarduera tasa, %0,6koa izan da hiruhileko arteko emendioa. Beraz, gora jarraitzen du lanean ari diren pertsonen kopuruak.