Arantxa Berrotaran, Euskara zinegotzia. / Hondarribiko Udala

Urrian eman zioten seigarrenez Hondarribiko Mintzalagunek ikasturte berriari hasiera Egin Jauzi! leloarekin. Orduan hondarribiarrak eta egitasmoan izena ematera gonbidatu zituzten eta 2019an sartu berri garen honetan bigarrenez luzatu dute gonbidapena.

Asko eta asko izan dira Euskaraldian 11 egunez, beraien hizkuntza ohiturak aldatzeko gogoz parte hartu duten hondarribiarrak, 1985 zehazki. Hizkuntza ohitura hauek aldatzeko aukera eskaintzen du hain zuzen ere Mintzalagunak, euskara gehiago erabili nahi duten pertsonak biltzen ditu 5-6 pertsonako taldeetan, euskaraz aritzeko ohitura duten pertsonak eta euskaraz gehiago aritu nahi dutenak. Astero elkartzen dira eta gutxienez ordu betez aritzen dira euskaraz kafetxo bat hartzen duten bitartean edo paso bat ematen. Hilean behin gainera, ekintza bateratu bat antolatzen da, horrela talde ezberdinetako kideek elkar ezagutzeko eta horrela jende berria ezagutu ahala, bakoitzaren euskarazko harreman sarea handitzen da. Honek eragin zuzena du herriko euskararen kale erabileran, taldeak, herriko txoko ezberdinetan biltzen direlako eta euskaraz aritzeko uneak eta guneak sortzen dituelako.

Euskaraldian parte hartu duten ahobizi eta belarriprest guztiei Jauzi egin eta Mintzalagun izateko gonbita luzatzen die egitasmoak eta baita Euskaraldian parte hartu ez arren beraien hizkuntza ohiturak aldatzeko irrika dutenei ere.

Ohiko taldeez gain Gurasolagun taldeak ere badira martxan. Azken hauek familiako hizkuntza ohituretan eragin asmoz sorturiko guraso taldeak dira, haur eta gurasoak elkarrekin biltzen dira talde batzuetan eta gurasoak bakarrik beste batzuetan.

Otsailaren 10a arte egongo da izen ematea zabalik eta dagoeneko martxan dauden taldeetan hasteko aukera izango dute izen ematen dutenek edo eta talde berriak sortuko dira ordutegi eta egun berrietan. Hauek dira momentu hauetan martxan dauden taldeak:

Astelehenetan, 16:00etan
Astelehenetan, 17:00etan
Astelehenetan, 17:30etan Guraso eta haurren taldea
Astearteetan, 11:30etan
Astearteetan, 18:30etan
Asteazkenetan, 19:00etan bi talde
Ostegunetan, 9:30etan
Ostegunetan, 15:00etan Guraso taldea
Ostegunetan, 18:00etan
Ostiraletan, 18:00etan
Ostiraletan, 19:00etan

izen emateko bideak:
mintzalaguna@hondarribia.eus
688 86 53 98
https://labur.eus/hondarribia