Mintzaldi-tailerra azaroaren 8an Hendaian

“Euskaraz, zergatik ez? Euskara gehiago erabiltzeko tresnak eta azalpenak” izango du izenburu eta Gemma Sangines psikologoak eskainiko du Sokoburuko Antoine d’Abbadie entzun-aretoan

0
1565

Azaroaren 8an (osteguna), 18:30etan, Gemma Sangines psikologoak mintzaldi-tailer bat eskainiko du “Euskaraz, zergatik ez? Euskara gehiago erabiltzeko tresnak eta azalpenak” gaiaren inguruan, Sokoburuko Antoine d’Abbadie entzun-aretoan.

Mintzaldi hau Euskal Hirigune Elkargoarekin eta Hendaian Euskaraldia kanpaina dinamizatzen duen Mintzaian elkartearekin elkarlanean antolaturiko ziklo batean kokatzen da. Hala, beste mintzaldi-tailer bat izango da azaroaren 9an, 19:00etan, Azkaingo Biltoki gelan, eta bi mintzaldiak Euskaraldia ariketa sozialarekin lotuak dira. Izan ere, mintzaldi-tailer horren helburua Euskaraldian parte hartzeko izena eman dutenei ariketa sozial horretan erosoago sentitzeko tresnak eskaintzea da, baina euskara gehiago eta gehiagotan erabili nahi lukeen publiko zabalago bati zuzendua da ere. Mintzaldia euskaraz izango da eta bat-bateko itzulpena eskainiko da frantsesera. Ondoren, eztabaida irekiko da publikoarekin. Sartzea dohainik da.

TELP zer da?

Gemma Sangines-ek eta Ferran Suay i Lerma-k hizkuntza-mendekotasuna edo sumisioa ikertu dute eta hizkuntza menderatzailera aldatzeko jokabide sistematikoak: adibidez, norbaitek gure hizkuntza ezagutzen ez duenean, baina ulertzen duenean; edo guk uste dugunean ez dakiela… Katalanaren gizarte-erabileraren kezkak eraginda ekin zioten lanari Suay i Lerma eta Sangines psikologoek, eta geroztik, TELP (katalanez Taller d’Espai Lingüístic Personal) saio asko eman dituzte Katalunian, Valentzian eta Euskal Herrian. TELP mintzaldi edo tailerretan proposamena egiten dute, euskal hiztunek euren hizkuntza erabiliz, eroso eta gustura jarduteko, eta hizkuntzarekin elkar egiterakoan, egoerak ondo nola bideratu erakusteko. Horretarako, esku-hartze edo interbentziorako estrategia bat lantzen da.

Zer lantzen da TELPan?

Mintzaldi-tailer horretan, ariketa praktikoak eginen dira, behar diren azalpenak emanda, eta oro har, saio parte hartzailea izanen da.

Edukietan landuko dira:

– Teoria-azalpen batzuk (gure hizkuntza-portaera ulertzeko)
– Hizkuntza-gatazkak
– Baliabideak, portaerak aztertzeko eta portaeretan eragiteko
– Aniztasuna, zailtasuna eta progresibitatea
– Hizkuntza-asertibitatearen aldeko proposamena: jokaera pasiboa eta oldarkorraren artean kokatzen den hizkuntza-jokabidea
– Parte-hartzaileen kezkak eta jokaerak

Hizlaria

Saioaren gidaria Gemma Sangines izango da. TELP tailerraren sortzailea, Ferran Suay i Lermarekin batera. Gemma Sangines Kirol Psikologian eta Klinika Psikologian espezializatu zen, eta Valentziako Psikologia Erakundearen sortzaileetako bat da.